lunes, 27 de abril de 2026

Maiatzaren lehena: Jai egun bat baino askoz gehiago


1. Zer da egun hau? "Kaixo guztioi! Laster Maiatzaren 1a da. Seguruenik, askok pentsatu duzue: 'Bikain! Ez dugu klaserik!'. Eta bai, atseden hartzea ondo dago, baina badakizue zergatik ez dugun eskolarik eta zergatik ez doazen zuen gurasoak lanera egun horretan? Maiatzaren lehena Langileen Nazioarteko Eguna delako."

2. Historia apur bat: "Imajinatu duela 100 edo 150 urteko mundua. Garai hartan, langileek ez zituzten gaur egungo eskubideak. Jendeak (baita zuek bezalako nerabeak ere!) 12, 14 edo 16 orduz lan egiten zuen egunero fabriketan. Ez zegoen astebururik, ez oporrik, eta gaixotuz gero, kaleratu egiten zituzten.

Baina langile batzuek esan zuten: 'Hau ez da bidezkoa!'. Protesta egin zuten, eta askok gogor borrokatu zuten (batez ere Chicagon, Estatu Batuetan) egunean 8 ordu lan egiteko, 8 ordu lo egiteko eta beste 8 orduz gozatzeko eskubidea lortzeko. Egun hori gogoratzeko ospatzen dugu Maiatzaren lehena."

3. Zergatik inporta zaigu guri? "Gaur egun ditugun gauza on asko ez ziren magiaz agertu. Batzuek borrokatu zutelako dauzkagu. Langileak gure gizartearen motorra dira: okinek, irakasleek, medikuek, kale-garbitzaileek, zaintzaileek... guztiek egiten dute posible gure bizitza erosoagoa izatea."

4. Etorkizunera begira": Zuek orain ikasleak zarete (hori da zuen oraingo 'lana'), baina etorkizunean langileak izango zarete. Eta oraindik badago zer hobetu: gizon eta emakumeek soldata bera irabaztea lan beragatik, lan seguruak izatea eta inor ez esplotatzea. Langileen eskubideak denon eskubideak dira."

Pentsatu: Zuen inguruan (gurasoak, osaba-izebak...) zein lanbide daude? Nola laguntzen diote lan horiek gizarteari? Etorkizunean lan egiten duzuenean, zer eskubide izatea gustatuko litzaizueke? (Adibidez: tratu ona, soldata duina...). Ez ahaztu ASKO BALIO duzula.

ZAINDU ZAITEZ, ARGITU MUNDUA zure LANAREKIN!

Zuen inguruan zein lanbide daude? Nola laguntzen diote lan horiek gizarteari? Etorkizunean lan egiten duzuenean, zer eskubide izatea gustatuko litzaizueke?

domingo, 19 de abril de 2026

Nazioarteko liburuaren eguna

 "Liburuek irekitzen dizkiguten ateak"

Zein liburu gogoratzen duzu asko gustatu zitzaizuelako? Liburuko pertsonaia bazina, nor izango zinateke?

Nazioarteko Liburuaren Eguna UNESCOk 1995ean ezarri zuen, irakurketa eta egileak balioesteko. Egun berezi gisa apirilaren 23a aukeratu zuten, data horren inguruan hiru idazle haundi hil zirelako: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Inca Garcilaso de la Vega. Horregatik ospatzen da egun honetan: literaturaren historian arrastoa utzi duten egileak oroitzeko eta irakurketaren balioa azpimarratzeko.

Liburuak ateak dira. Batzuek abenturara eramaten gaituzte, beste batzuek barre eginarazten digute, edo galderak egiten dizkigute. Baina denek ematen digute aukera bat: geure burua eta mundua hobeto ezagutzekoa.

Nazioarteko Liburuaren Egunean gogoratzen dugu irakurtzea ez dela bakarrik eskolako lan bat: bidaiatzeko modu bat dela, ikasteko aukera bat, eta bihotza lantzeko bidea. Irakurketak jakindurirako ateak zabaltzen dizkigu, esaera zaharrak liburuan esaten den bezala: “Jakinduria lortzea da gauzarik inportanteena.” (Prov.4,7)

Azken otoitza: Jainko maitea, Liburuen bidez ikasteko eta hazteko aukera emateagatik eskerrik asko. Ireki gure bihotzak irakurketak dakarren jakinduriaz gozatzeko. Sor ezazu gugan kuriositatea eta jakiteko gogoa. Amen.”

ZAINDU ZAITEZ, ARGITU MUNDUA HITZEN INDARRAREKIN!


Gaur gogoratu: liburu bat irekitzea ez da orrialde bat pasatzea… zuretzako irekitzen den ate bat zabaltzea baizik. Zein liburu gomendatuko zenioke lagun bati? Zein gai atsegin duzu: misterioa, umorea, fantasia…?

domingo, 12 de abril de 2026

Pazko Argia: Gure Bihotzak Pizten

Pazko Argia: Gure Bihotzak Pizten

Goizean ARGIA sortzen den bezala, Pazko garaian ITXAROPENA pizten da. Oporren ondoren, hemen gaude berriro: indar berrituekin, amets berriekin, bihotza zabaltzeko prest…

Aste honek oparia dakar: Pazkoaren jaia. 50 egunez ospatuko dugu bizitzak heriotzari irabazten diola, argiak iluntasunari. Jesus berpiztu da eta gure bihotzak piztu nahi ditu: pozerako, maitasunerako, esperantzarako…

Frantzisko Aita Santuak zioen bezala: 'Ez utzi zure aurpegia tristuraz iluntzen: argitu zure begirada, argitu zure bihotza eta besteak zure argiarekin argitu'.

Gaur, galdetzen dizut: Zer keinu txiki egin dezakezu gaur besteei argia emateko?

Bideo bat ikusiko dugu eta ikusi aurretik, keinu xinple bat pentsa ezazu: "egun on" animatuago bat esatea; bakarrik dagoenari hurbiltzea; Kexa bat ekiditea edota eskerrak ematea; norbaiti irribarre egitea…

Ikusiko dugun bideo honetan, pertsonaia bat iluntasunean dago, bere 'kuboa' (bere bizitza, bere bihotza) nahasita eta motel daukala. Baina elkartasun eta lagun baten argiari esker, dena aldatzen da.

ZAINDU ZAITEZ, ARGITU MUNDUA besteentzat LAGUN izaten!

Bideoan ikusi dugun bezala, gure argia ez da guretzat bakarrik, besteekin konpartitzeko da. Pazkoak horixe eskatzen digu: gure 'kubo' ilunak kolorez betetzea eta elkarri berpizten laguntzea. Zein keinu xumea egin dezakezu zuk besteak laguntzeko?

Maiatzaren lehena: Jai egun bat baino askoz gehiago

1. Zer da egun hau? "Kaixo guztioi! Laster Maiatzaren 1a da. Seguruenik, askok pentsatu duzue:  'Bikain! Ez dugu klaserik!' . E...